AEGk moda jasangarriari egiten dion ekarpena
Ehungintza

Ehungintzan oraindik ere lan handia egin behar da sektorea ingurumenarekiko arduratsuagoa izatea lortzeko, oraindik ere planetan kutsadura handiena sortzen duen bigarren industria baita. AEGn gure aletxoa jartzen dugu aldaketaren oinarriak finkatzeko. Horretarako, belaunaldi berriei prestakuntza ematen diegu, aldaketa horren aitzindari izan daitezen, eta erronkak eta behar diren tresnak ematen dizkiegu bestelako produkzio- eta kontsumo-eredu baterantz aurrera egiteko.

 

AEGk moda jasangarriari egiten dion ekarpena

 

Gure Berrikuntza Profesionaleko Eskolan ehungintza jasangarriaren alde egiten dugu, industria horrek hondakin gutxiago sor dezan, baita bertan ekonomia zirkularrak toki handiagoa izan dezan ere. Izan ere, jasangarritasuna ez da boladan dagoen hitz hutsa. Produkzioa eta kontsumoa ulertzeko modu bat da, ehungintzaren eta modaren sektorera iritsi eta bertan finkatuko dena.

 

Hori aintzat hartuta, AEGn proposatzen dugun moda arloko prestakuntzak egiteko modu tradizionalari eusten dio, betiere etorkizunari begira, eta teknologia berriak eta material ekojasangarri berriak proposatzen ditu. AEGren Ehungintza Tailer Jasangarria eskolaren bilakaeraren emaitza da.

 

Eta gakoa beste eragile batzukekiko konexioa denez, gure Berrikuntza Profesionaleko Eskolan gure Modako goi-mailako zikloetan diharduten ikasleen esperientzia eta ikaskuntza aberasten dugu gure ingurunean aldaketa horren aitzindari diren markekin lankidetzan arituta. Besteak beste, Ternua eta Ekomodo enpresekin aritzen gara, baita Slow Fashion Next eta Gipuzkoa Moda ekitaldietan ere. Slow Fashion Next-etako fundatzailea, Gema Gómez, gure eskolan egon zen GdM moda jaialdiaren azken edizioan. Eskerrik asko bisita emankor eta interesgarri honengatik!

 

Gainera, gure ikasleek Upciclyng erronkan hartzen dute parte. Ekonomia zirkularreko lankidetza-proiektu erreal hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak bultzatzen du, eta bertan, AEGk bi urte daramatza lankidetzan. Nolanahi ere, lankidetza horren protagonistak gure ikasleak dira, erabiltzen ez den arropa erabiliz bilduma bat diseinatu eta lantzen dutenak. Haien azken lana Miramar Jauregian aurkezten da, azaroan egiten den Moda Jasangarriko desfilean.

 

Gure 3D Ehungintza-Berrikuntza Jasangarria izeneko proiektua zehatz-mehatz zertan datzan eta moda-arloko Lanbide Heziketan dugun eskaintza ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Gipuzkoako ikastegi bakarra da gurea Patroigintza eta Moda eta Neurriko Jantziak eta Ikuskizunetarako Jantziak goi-mailako zikloak ematen dituena

Iruzkin bat bidali

Gure buletinean harpidetu

Datuak babesteko politika Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa