Zergatik ikasi Lanbide Heziketa AEG Berrikuntza Profesionaleko Eskolan
Matrikulak

Iritsi da hurrengo ikasturtean zer ikasi erabakitzeko unea eta beti ez da erraza izaten. Zalantzan bazabiltza unibertsitatean ikasi edo Lanbide Heziketako goi-mailako ziklo batean prestatzea erabakitzeko, elkarrizketa hau irakurtzea proposatzen dizugu, AEG Berrikuntza Profesionaleko Eskolako Informatika eta Enplegurako Prestakuntzako zuzendari Iñaki Garcíak dioena lagungarria gerta dakizuke eta. Izan ere, bertan Lanbide Heziketari buruzko zalantzarik ohikoenei erantzun diegu.

 

Zergatik ikasi Lanbide Heziketa AEG Berrikuntza Profesionaleko Eskolan

 

Zergatik ikasi Lanbide Heziketa?

Hainbat arrazoi daude, baina neuk bat nabarmenduko nuke. Lanbide Heziketak gaitasun jakin batzuk lortzeko aukera ematen dizu, hain zuzen ere enpresek oso aintzat hartzen dituztenak lanpostuak eskaintzen dituztenean. AEGn erronketan oinarritutako ikaskuntza-eredua dugu, jakintza teknikoa zein zeharkakoa bultzatzen dituena; izan ere, besteak beste, talde-lana, planifikazioa eta denboraren kudeaketa lantzen ditugu.

 

Zein dira Lanbide Heziketaren indarrak?

Ezbairik gabe, Heziketa Duala da garrantzizkoenetako bat. Ikasleari bere ikaskuntza lanbide-arloan trebatuz garatzeko aukera ematea balio handikoa da; izan ere, modu horretan batetik, lehen aipatu ditudan gaitasunak aberastuko ditu, eta, bestetik, jakintza teknikoak indartuko, mundu errealean aplikatzearen ondorioz.

 

Zergatik komeni zait Lanbide Heziketa Duala?

Lanbide Heziketa Dualak abantaila ugari ditu. Nik nabarmenduko nuke prestakuntza horren bidez gaur egun enpresetan izugarri baloratzen duten lanbide-esperientzia lortuko duzula. Izan ere, ikasketak “hor kanpoko” errealitatera bideratuko dituzu, lan-merkatuan topatuko duzun horretara. Pixkanaka, lan-merkatuan sartuko zara eta arlo horretako gorabeherak ezagutuko dituzu. Gainera, aitortuta dagoen kualifikazioa lortuko duzu.

 

Zergatik ikasi AEG Berrikuntza Profesionaleko Eskolan?

AEGn pertsonak balioetan oinarrituta prestatzen ditugu, eta etorkizunean lan-arloan sendo aritzeko prestakuntza ematen dugu. Ziklo batean lauzpabost proiektu egiten dira, ikasleek pixkanaka gaitasun eta jakintzak lortzeko, eta proiektu horiek modu praktikoan garatzen dira, bakarka edo taldeetan. Banakako tutoretzak izaten ditugu gure ikasleekin lan-arloan egiten dituzten lehen urratsetan lagundu eta gidatzeko. Modu horretan, orientabide integrala ziurta dezakegu eta ikasleekin luzerako harremana sendotzen dugu.

 

Zertan datza zuen metodologia?

Nik ez nioke metodologia esango; izan ere, metodologia mota ugari biltzen dituen ikaskuntza-eredu bat dugu. Ikasleentzat, Erronketan oinarritutako Elkarlaneko Ikaskuntzak hainbat printzipio ditu oinarri, eta geuk hauexek nabarmentzen ditugu:

- Ikaslea da bere ikaskuntzaren protagonista, hau da, ikaskuntzaren xedea eta subjektua da aldi berean.

- Ikasleen ikaskuntzak gaitasun teknikoez gain —heziketa-ziklo bakoitzak gaitasun espezifiko batzuk ditu—, zeharkako gaitasunak ere baditu ardatz —bizitzako askotariko testuinguruetarako baliagarriak dira—. 

- Irakasleek garbi dute bereziki gidari, aholkulari eta bideratzaileak direla ikaskuntza-prozesuetan. Gainera, eguneratuta egoten dira eta harreman estua izaten dute euren jakintza-arloko pertsona eta enpresekin, ikasleei euren garapen pertsonal eta profesionalean baliagarri izango dituzten erronkak ezartze aldera.

Metodologiei dagokienez, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntzak honako alderdi hauek ditu kontuan:

- Ikasgelan baliatzen diren metodologia gehienak Erronketan oinarritutako Elkarlaneko Ikaskuntzako (EoEI) prozesu gisa antolatzen dira.

- Erabilitako teknologiek —betiere EoEI ereduaren barnean— ikaskuntza teknikoak zein zeharkakoak garatzeko aukera eman eta bultzatzen dituzte, baita horietan emaitzak jasotzea ere.

- Erabilitako metodologiak dagokion zikloko jardun profesionala berdintzera bideratuta daude.

- Erabilitako metodologiek alderdi ugari hartzen dituzte aintzat, besteak beste giza alderdiak eta harremanei, komunikazioari zein garapenari lotutakoak, baita dagokion erronkak barnean hartzen dituen gaiei lotutakoak ere.

- Erabilitako metodologiek garrantzi handia ematen diete nola jarraitzen den lan-prozesuari hala lortzen diren produktuei.

 

Zer ziklo eskaintzen du/ditu zuen zentroak? Zein dira espezialitateak edo ziklorik adierazgarrienak?

Gure zikloak eta lanbide-heziketa honako lau lanbide-arlo hauetakoak dira: Administrazioa eta Kudeaketa, Marketina eta Komunikazioa, Informatika eta Moda. Horietan arituta, hainbat sektoretan jarduteko aukera ematen duen profil operatibo eta espezializatua lor daiteke: Administrazioa eta Finantzak, Marketina eta Publizitatea, Sareko Sistema Informatikoen Administrazioa, Web Aplikazioen Garapena, Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena, Patroigintza eta Moda eta Neurriko Jantziak eta Ikuskizunetarako Jantziak.

Iruzkin bat bidali

Gure buletinean harpidetu

Datuak babesteko politika Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa